11/05 - 21:00 Athletic Club vs. CA Osasuna Ez galdu aukera! partida +
Blog › Athleticzaleak › San Mamesera bertaratzea %6,5 igo da

San Mamesera bertaratzea %6,5 igo da

Bataz beste 46.594 ikusle sartu dira zelaira eta aurreko denboraldian, berriz, 43.703. Igoera honen arrazoia, hein handi batean, bazkideen txartela gehiago lagatzen dela da.

Athletic Clubek oso modu positiboan baloratzen du San Mameseko gizonezkoen lehen taldearen LaLigako eta Kopako partidetara jardunaldiz jardunaldi joaten den bazkide kopuruaren igoera.

Denboraldi honetan Katedralean 17 partida jokatu ondoren, estadioaren batez besteko asistentzia 46.594 ikuslekoa izan da, aurreko kirol urtean baino sei puntu eta erdi gehiago. Iaz bataz besteko sarrera 43.703 lagunekoa izan zen, gizonezkoen lehen taldeak etxean jokatu zituen 21 neurketen ostean.

Atzera begiratuz gero, zehazki 2018/19 denboraldiari, COVIDaren aurreko azken kirol urteari, San Mameseko bertaratzea 39.784 ikuslekoa zen batez beste, eta azken bi denboraldi hauetan nabarmen handitu da:

  • 2022/23 denboraldian San Mamesera bertaratutakoen batez besteko kopurua: 43.703 
  • 2023/24 denboraldian San Mamesera bertaratutakoen batez besteko kopurua: (17 partidaren ondoren): 46.594 

Zentzu honetan, Athletic Clubek, joan den otsailaren 29an, Atletico de Madriden aurkako Kopako partidan, inoizko sarrerarik onena erregistratu zuen San Mamesen futbol partida batean: 52.061 ikusle. Aurreko marka Osasunaren aurkakoa zen, 2022/23an lortutakoa, 51.544 pertsonarekin.

Halaber, Klubaren historiako bost asistentzia onenetako lau denboraldi honetakoak dira:

  • 2024ko otsailak 29. Kopako finalerdia Atletico de Madriden aurka. 52.061
  • 2023ko apirilak 4. Kopako finalerdia Osasunaren aurka. 51.544
  • 2024ko urtarrilak 13. LaLigako 20. J Realaren aurka. 51.475
  • 2024ko urtarrilak 24. Kopako final-laurdenak FC Barcelonaren aurka. 50.953
  • 2024ko martxoak 3. LaLigako 27. J FC Barcelonaren aurka. 50.295

Igoera hau, neurri handi batean, denboraldi honetan bazkideek egindako txartelen lagapenen gorakadak eragin du. Gizonezkoen lehen taldeak 17 partida jokatu ditu San Mamesen (14 LaLigan eta 3 Kopan), eta 2023/24 denboraldian 51.675 lagapen egin zaizkio klubari edo hirugarrenei, aurreko kirol urtean guztira izandako 21 norgehiagoketan egindako 49.128 eragiketak gaindituz.

  • 2022/23 denboraldian bazkideek egindako karneten lagapenak: 49.128 (21 neurketa)
  • 2023/24 denboraldian bazkideek egindako karneten lagapenak (17 partidaren ostean eta bost falta direnean): 51.675 (+ 5,2% partidako)

Klubaren helburua harmailetan eserleku bakar bat ere hutsik ez uztea da, gure zaleen arnasa baita taldeak belar gainean duen motorrik handiena. Horrela, gainera, Katedralean esperientzia bizi nahi duten bazkide ez diren jarraitzaile athleticzaleen eskaera handiari erantzuna eman dakioke, eta salgai jartzen diren sarrera kopuru txikiak eragiten dien ticketing bidezko diru-sarrerak handitzea ahalbidetzen du.

Horregatik guztiagatik, Athletic Clubek bere bazkideei eskatzen die, San Mamesera joaterik ez badute, app-aren edo Bazkideen Txokoaren bidez eserlekua lagatzeko egungo bi modalitateetako batean: beste pertsona bati edo Klubari lagatzea. Bigarren aukera honetan, Kluba arduratzen da denboraldiaren amaieran sarreraren prezioaren erdia itzultzeaz, azkenean saltzen bada.