San Mameseko soropilean, 30. urteurrena betetzen duen Bizkaiko Txakolina Jatorrizko-Deituraren urtaldi berria aurkeztu da asteazken honetan.
Aurtengo ohiko “Txakolin Egunean” Itziar Ituño aktore basauriarra izendatu dute Mezulari Nagusi, “bere ibilbide profesional bikaina eta euskararen eta euskal kulturaren hedapenari egindako ekarpena” azpimarratuz.
Era berean, Anton Chapartegui, Kontseilu Arautzailearen idazkari Nagusia1994an sortu zenetik joan den irailean erretiroa hartu zuen arte, Ohorezko Mezulari izendatu dute, “txakolina nazioarteko ospe handiko ardo bihurtzeko egin duen ekarpenagatik”.
Ekitaldian Arantxa Tapia sailburua egon da, eta harentzat “funtsezkoa” da gogoratzea txakolinaren arrakasta “ez dela soilik produktuaren kalitatearen emaitza, baizik eta txakolina lantzen dutenen konpromisoa eta dedikazioa, bai mahastietan, bai upeltegietan”. “Aspaldiko garaietatik, Bizkaiko eskualdea mahastizaintzaren eta ardogintzaren gotorleku izan da, eta txakolina tradizio aberats horren zati integrala izan da”, gaineratu du.
Urtaldi berria
Aurtengo urtaldia, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren arabera, “oso ona da, izaera atlantiko nabarmenekoa”, eta, beraz, “ardo freskoak lortu dira, maila eta azidotasun aldetik orekatuak, ibilbide luzekoak”.
2023an 1.457.146 litro ekoitzi ziren (2022an baino %18,5 gutxiago), 2.201.883 kilo mahats bildu ziren, 436 hektarea landatzen dituzten 172 mahastizainei esker, Bizkaiko Txakolina Jatorri-Deitura osatzen duten 36 upeltegietan uzta ardotzen dutenak.