Athletic Clubek denboraldi honetarako Fundazioaren kultur proiektuaren ekimen nabarmenetako biren aurkezpen publikoa egingo du datorren astelehenean, 18:00etan, San Mameseko Geuria! kirol-tabernan: Andoni Egañak idatzitako “Makatza” liburuaren argitalpena, Iribarren haurtzaroari buruzkoa, eta irakurLE-ON(A) irakurketa sustatzeko kanpaina, bi atezain protagonista dituena, Adriana Nanclares eta Julen Agirrezabala.
“Makatza” eta irakurLE-ON aurkezpen-ekitaldira joan nahi dutenek hurrengo formularioan eman dezakete izena, gehienez bi gonbidapenekin pertsona bakoitzeko, oraingoan, lokalean gehienez ere 80 lagunentzako lekua baitago.
MAKATZA ETA IRAKURLE-ON (A)-RAKO INSKRIPZIOA
“Makatza”-ren argitalpena eta irakurLE-ON(A) kanpaina, aurten ere, Fundazioak Letrak eta Futbola jaialdiarekin batera irakurketa sustatzeko egiten dituen ekimenen barruan kokatzen dira. Ekimen horiek, Thinking Football Film Festival eta Bertsoderbiarekin batera, Fundazioaren kultur proiektua osatzen dute. KULTURA proiektua, Athleticen zutabe bereizgarrietako bat da eta Klubaren gizarte-lana sostengatzen duten beste bi zutabeekin batera garatzen da: KOMUNITATEA, eta INKLUSIOA.
“Makatza”, Andoni Egañak idatzia
“Makatza” gazteentzako eleberria da, 14 urteko pertsonentzat sortua, baina 6 eta 99 urte bitarteko irakurleentzat idatzia. Jose Angel Iribar mito zuri-gorriaren haurtzaroa fikzionatzen du, Zarautz jaioterrian bizi zen baserriaren izenaz ezaguna zena: Makatza. Andoni Egañak euskaraz idatzi du, Fundazioaren enkarguz, eta laster gaztelaniara itzultzea aurreikusi da, kasu honetan, formatu digitalean.
Fundazioak “Makatza”-ren 8.000 ale argitaratu ditu, eta doan bidaliko die ikastetxeei eta Athletic Clubekin hitzartutako klubei, eta horien esku jartzen da irakurketa-klubak antolatzeko.
Irakurketa sustatzeko kanpaina Adriana Nanclares eta Julen Agirrezabalarekin
“Makatza” liburuekin batera, Fundazioak ikastetxeei eta hitzartutako klubei ere bidaliko die aurtengo irakurLE-ON(A) kanpainaren posterren aleak. Horietan, Adriana Nanclares eta Julen Agirrezabala, Athletic Clubeko lehen taldeetako atezainak, “Makatza” eleberria irakurtzen agertzen dira, irakurLE-ONA eta irakurLE-ON lelopean.
Kanpaina honen asmoa da irakurketa kirol-jarduerarekin bateragarria den ohitura garrantzitsu gisa erakustea, eta, aldi berean, gazteek Athletic Clubeko jokalariez duten irudiarekin lotzea.
Bi ekintza horiek, azkenik, Athletic Club gazteen hezkuntza-prozesuan aliatu indartsu gisa aldarrikatzera bideratuta daude.
Liburuaren eta posterren aleak doan eskatzeko, ikastetxe edo futbol talde bateko edozein arduradun jar daiteke harremanetan Fundazioarekin [email protected] helbidean.