Era berean, AC Museoak “Hamaika andra zurigorri” dokumentala estreinatu du, balio historiko, sozial, kirol eta emozio handiko testigantzen ikus-entzunezkoa.
AC Museoak “Emakumeak Athletic Cluben: itzaletik argira” izeneko erakusketa inauguratu du ostiral honetan. Erakusketa San Mameseko museoaren erabilera anitzeko aretoan egongo da ikusgai 2025eko maiatzera arte. Erakusketarekin batera, Athletic Clubek “Hamaika andra zurigorri” dokumentala estreinatu du. Labayru Fundazioak egin du eta balio historiko, sozial, kirol eta emozional handiko testigantzen ikus-entzunezkoa da.
“Emakumeak Athletic Cluben: itzaletik argira” erakusketak Athletic Clubeko emakumeen bilakaera historikoa erakusten du, bi esparru nagusi bereiziz: soziala eta kirolarena. Museo-balio handiko hainbat objekturen bidez (argazkiak, antzinako txartelak, emakumeen futboleko edo une seinalatuetako talde garrantzitsuen 37 kamiseta, garaikurrak, kartelak, sarrerak, tresneria…), erakusketak joan den mendeko itzalak eta Klubaren gizarte-esparruan genero-berdintasunaren alde egindako borrokak hartzen ditu abiapuntutzat. Pixkanaka-pixkanaka, emakumezkoen futbolaren aitzindari handiei esker, argia zabaltzen da hamarkadaz hamarkada, emakumezkoen lehen taldea sortu eta sendotu arte. Azken batean, Athletic Club historian zehar handiago egiten lagundu duten emakume aitzindari guztien aitorpena eta omenaldia ere bada bilduma hau.
“Hamaika andra zuri-gorri”
“Emakumeak Athletic Cluben: itzaletik argira” erakusketaren inaugurazioaren ondoren, Athletic Clubek “Hamaika andra zurigorri” izeneko dokumentala estreinatu du San Mameseko Ipar Aretoan. Testigantzen ikus-entzunezkoa da, Labayru Fundazioak Athletic Club, Fundazioa eta AC Museoarekin lankidetzan egina eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatua, historia zuri-gorrian garrantzitsuak diren emakumeen talde bat (ehunka ordezkatzen dituen hamaikako bat) protagonista duena, bai gizarte arloan, bai kirol arloan.
Akaitze Kamiruaga zuzendariak honako hauek elkarrizketatu ditu erreportajean: Ana Astobieta, Mari Mar Boillos, Ane Elexpuru, Ernestina Dosantos, Sara Estevez, Lore Etxebarria, Pura Fernandez, Begoña Gonzalez, Eli Ibarra, Mª Angeles Ibarrolaza, Jose Angel Iribar, Maria Jesus Irureta, Iraia Iturregi, Iñigo Juaristi, Inma Legarreta, Ana Lekuona, Vicky Martinez, Ana Mari Mendizabal, Itziar Muriel, Garazi Murua, Arrate Ojinaga, Nerea Onaindia, Begoña Oraa, Paula Oraa, Nerea Ortiz, Marie Elena Ouro, Marieli Oviedo, Argi Portero, Ana Reka, Edurne Salsamendi, Inma Sanchez, Garazi Unibaso, Ana Urquijo eta Ernesto Valverde. Hortaz, iragana fidagarritasunez berreraikitzeko hain beharrezkoa den ahozko oroimena hilezkor bihurtzen du, eta bereziki, emakumearekin harremana badu, hainbat aldiz ondare materialetik kanpo baitago.